2011-05-30

NONDIK GATOZ? NORA GOAZ?

Gizakiak, gizaki denetik, galdera hau egin dio bere buruari. Antzinatik, askotariko erantzunak (mistikoak, magikoak edo erlijio kutsukoak) eman dira,  eta horren lekuko da Genesiaren kontakizuna.
Greziarren garaietatik hona, pixkanaka, hasieran filosofiaren bideetatik eta gero naturaren ezagutza sakonagoaren eskutik, erantzun zientifiko eta teoria orokor bat emateko modura iritsi gara.
Blog honen sarreren eta proposaturiko jardueren bidez "Nondik gatoz?" eta "Nora goaz?" galderen ingurukoak aztertuko ditugu.

Antzeko galderak egiten dituzte Siniestro Total taldekoak ondoko bideoklipean:

 

2011-05-29

NOIZTIK GAUDE BIZIDUNAK BIZIRIK?

Annals of the World page 1
By James Ussher (Wing, Early English Books 1641-1700) 
[public domain], from Wikimedia Commons
Ussher gotzainak (1581-1656), genealogia ikerketa baten ondoren, Kreazioa zehatz-mehatz noiz izan zen kalkulatu zuen: k.a. 4004. urteko urriaren 23aren aurreko gauean. Beraz, bere kalkuluen arabera, Lurra eta bertan bizi ziren izaki guztiak 6.000 urte inguruko adina zuten. Bere kalkuluetarako Biblian agertzen diren pertsonaien eta gertaeren kronologia literalki hartu eta ondoko data gakoak aurkitu zituen:         
  • K.a. 4004. urtean Kreazioa
  • K.a. 2348. urtean Noeren Uholde Handia
  • K.a. 1921. urtean Jaungoikoak Abraham-i deitu zion
  • K.a.1491. urtean Egiptoko Irteera
  • K.a. 1012. urtean Jerusalem-go Tenpluaren Fundazioa
  • K.a. 586. urtean babiloniarrek eragindako Jerusalem-go Hondamena eta Babiloniarren Gatibualdiaren hasiera 
  • K.a. 5. urtean Jesusen Jaiotza
Irrigarria irudituko zaigu gehienoi, baina gaur egungo eliza ebanjelista askotan eta Ameriketako Estatu Batuetako zenbait eskoletan hauxe irakasten da lurraren eta bizidunen adinari buruz.

Gaur egun badakigu, geologian, paleontologian eta beste hainbat diziplinetan oinarritutako datuekin, lurraren adina 5.000-4.500 milioi urtekoa dela eta lehen izaki bizidunak orain dela 3.700 milioi urte sortu zirela.

Ondoko irudian (John Kirk biologo eta animatzailearen webgunea) klikatzen baduzu, denbora-tarte hauen esanahia ikusiko duzu.

2011-05-28

1. JARDUERA: DENBORA GEOLOGIKOAREN DENBORA-LERROA

Noiztik gaude bizidunak bizirik? atalaren bukaeran dagoen John Kirk-en animazioa ikusi eta zerrendatu zure ustetan, zein diren Lurraren historiako gertaera nagusiak eta noiz gertatu diren.

Horretarako, azpian duzun irudia eredu modura erabil ezazu, ahal den heinean eskala gordetzen duzula. Sortzen duzun artxiboa bidal ezazu postaz:
  • bidalketa helbidea: jatorriaetaeboluzioa@gmail.com 
  • postaren izenean honakoa adierazi ezazu: LH zerrenda + zure izen deiturak + gela. Ondorengo adibidean bezala: LH zerrenda Mari Jakintsu Berritsu 4B

2011-05-27

SOR AL DAITEKE BIZITZA LABORATEGIAN?

Oparin
Biziaren jatorri kimikoaren hipotesia 1925ean Oparin zientzialari errusiarrak plazaratu zuen. Hara zer dioen Wikipediak:

"Lurreko antzinako atmosfera, bizitza agertu aurretik, oxigenorik gabekoa zen eta metano, hidrogeno eta amoniako gasak zituen. Gas horiek aktibatzerakoan (adibidez, deskarga elektrikoen bitartez, garai hartan ekaitzak eta tximistak oso bortitzak izaten baitziren), haien arteko erreakzio kimikoek aminoazidoak eta beste molekula organiko batzuk sortu zituzten. Molekula organiko horiek pilatzerakoan polimeroak agertu ziren, eta hortik abiatuta egitura konplexuagoak, gaur eguneko zelulen aitzindariak."

Ondoren, 1956an, Miller eta Urey-ek beraien esperimentu ezaguna egin zuten laborategian, Lurraren hastapeneko egoera simulatzen zuena. Hona hemen eskematikoki esperimentua (klikatu irudian handiagoa ikusteko).
By GYassineMrabetTalk. This vector image was created with Inkscape. W3C.
The source code of this SVG is valid (Own work from Image:MUexperiment.png.)


Miller eta Urey-ri esker frogatutzat jotzen da antzinako Lurrean, duela 4.000 milioi urte, molekula organikoak sortu zirela atmosferako gasetatik. Oparinen hipotesia ontzat eman zen, eta urrats garrantzitsua eman zen biziaren jatorriaren ikerketan.
Miller-en esperimentuak bide berriak ireki zituen biologiaren eremuan: Lurrean ez ezik, beste planeta batzuetan ere antzeko prozesuak gerta litezke. Exobiologia jaio zen.

2011-05-26

NOLA SORTU ZIREN LEHEN ZELULAK?

Aurreko atalean ikusi dugun bezala, azal daiteke nola osatu diren bizidunak osatzen dituzten molekulak. Baina horrek ez du argitzen nola antolatu ziren konposatu haiek maila goragoko egitura bizidunak, zelulak, sortzeko.

Teoriak dio hasierako zelulak oso sinpleak zirela, bai egituran eta baita osagaietan ere, gaur egungo bakteria (prokarioto) askoren antzera. Geroago, prozesu haren bukaeran, zelula konplexuagoak sortzen joan ziren, animalia zelula eta landare zelula (eukariotoak). Hiru gako egon ziren horretarako: 

  • lipidoen geruzetatik abiatuta, zelula-mintzen sorrera
  • ARN--->ADN eraldaketa eta mintzez inguraturiko nukleoak agertzea
  • kloroplasto eta mitokondrioen eraketa; Lynn Margulis biologoak aurkeztutako endosinbiosiaren teoria da gaur egun onartuena.




Endosinbiosiak dio arnasketa zelularra egiteko gai ziren bakteria mota baten eta zelula handiago baten fusioaz, sinbiosiaz, sortu zirela lehen mitokondriak. Kloroplastoa, berriz, fotosintesia egiteko gai ziren beste bakteria batzuen sinbiosiak azalduko luke. Hona irudi batean prozesu osoa (klikatu irudiaren gainean handiagoa ikusteko):



2011-05-25

2. JARDUERA: IZAKI BIZIDUNEN JATORRIARI BURUZKO GALDERA-SORTA

Osatu ondoko galdera-sorta eta bidali emaitzak bukaeran dagoen loturari sakatuz; ondoren, denon artean eztabaidatuko ditugu erantzun zuzenak:

2011-05-24

IZAKI BIZIDUNAK ALDATU EGITEN DIRA EDO ALDAEZINAK DIRA?

Honi buruz erantzun ezberdinak eman dira historian zehar, garai bakoitzaren pentsamolde, erlijio eta kulturaren arabera. Baina, oro har, esan dezakegu bi pentsamolde egon direla:

  • TEORIA FIXISTA EDO KREAZIONISMOA
Erlijio ezberdinen Genesiaren kontakizuna bere horretan azaltzen duten pentsamoldeak dira. Izaki bizidunak, eta batik bat gizakia, sorreratik dira diren bezalakoak eta ez dute aldatzeko gaitasunik.


Gaur egun ere, erlijio sinismenak bultzaturik, herrialde askotan bizirik dagoen ikuspuntua da eta gizarte mailan eztabaida sutsuen iturri da. Hala nola AEBtako zenbait estatuetako hezkuntza-batzordeek eboluzio eta kreazionismo irakaskuntzari eman behar zaion denbora-tartea adosteko egiten dituzten lan bilerak (Texas-en kasuan, adibidez, urtebetetik gora irauten ari da). Edo Kreazioaren Museoa izenekoa, Cincinnati hirian Kentucky-ko estatuan, non lurraren historiak gehienez 10.000 urte dituela esaten den eta gizakiak eta dinosauroak elkarbizitzen dauden diaporamak ikus daitezkeen.

Kreazioaren Museoko kartela azalduz, dinosauroak Noeren Arkan sartu zirela eta zenbat mota.
  • TEORIA EBOLUZIONISTEN AURREKARIAK
Ondoko aurkezpenean teoria eboluzionistei bidea ireki zioten ideien autoreak eta haien nondik norakoak agertzen dira:

    2011-05-23

    NOLA IRITSI ZEN DARWIN EBOLUZIONISTA IZATERA?

    Lehenik, goazen Darwini buruzko datu batzuk ezagutzera.
    • 1809an jaio zen Ingalaterrako familia dirudun batean. 
    • Gaztetan ez zen ikasketetan askorik nabarmendu. 1827an Edinburgh-en medikuntza-ikasketak egiten saiatu zen, baina ez zituen amaitu. 
    • Ondoren, nolabaiteko lanbide bat izan zezan, aitak teologia-ikasketak egitera bultzatu zuen Cambridgen, erretore anglikano egingo zelakoan. 
    • Bitartean, bere benetako zaletasunari jarraituz, zenbait natura-historia elkarteetan parte hartu zuen; lehen aldiz hurbilduko zen bizi-zientzietara eta geologiara.
    • 1831n Darwinen bizitzan eta gerora zientzia mailan oinarrizko aldaketa izango zen bidaiarako gonbidapena jaso zuen: HMS Beagle itsasontzian, Lurraren inguruan bira emateko gonbidapena.
    • Bidaia, hasiera batean, bi urterako zegoen aurreikusia baina azkenean bost urtekoa izan zen. Ikusi eta entzun nola deskribatzen duten bidaia haur kantari hauek:

      • Hona hemen abestian deskribatzen den bidaia irudi batean:


        2011-05-22

        ZERTAN OINARRITZEN DA EBOLUZIOAREN TEORIA?

        2009. urtea Darwinen urtea izendatu zuten, Charles Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena eta bere liburu handia argitaratzearen 150. urteurrena betetzen baitzen. Hori dela eta, Erresuma Batuan eta herrialde anglosaxoietan, batik bat, ospakizunak, bilerak, hitzaldiak, liburuak eta beste zenbait emanaldi izan ziren. Horien artean telebistarako programa eta dokumental oso interesgarriak, hala nola Richard Dawkins-en hauek:


        DARWINEN JEINUA 1, bizitza, Darwin eta beste guztia
        (gaztelaniaz) 50 min.
        DARWINEN JEINUA 2, bosgarren primatea

        (gaztelaniaz) 50 min.
        DARWINEN JEINUA 3, jainkoak kolpea itzuli digu 
        (gaztelaniaz) 50 min.



        Eta bestetik, David Attenborough natur zientzien dibulgatzaile ospetsuak, BBC-rentzat egindako dokumentala. 60 minutuan, Darwinen bizitza, bere teoria, teoriak izan zituen oztopoak eta nola gainditzen joan den, arroken adina, fosilak, kontinenteen jitoa, genetika, ADNa eta beste zenbait gauza azaltzen dira.
        Ikusteko oso gomendagarria; ingelesez dago, gaztelaniazko azpitituluekin.

        Picture
        Klikatu gainean ikusteko

        2011-05-21

        3. JARDUERA: DARWINI ETA EBOLUZIOARI BURUZKO GLOGSTER-A

        Aurreko bi sarreretan Charles Darwini eta bere teoriari buruzko informazio ugari ikusi dugu. Hori guztia, airean gera ez dadin, GLOGSTER (horma-irudiak online egiteko webgunea) erabiliko dugu. Bertan Glogster nola erabili eta zer egin daitekeen erakusten duten tutorialak daude.

        Horretarako, lehenik irakasleak emango dizuen erabiltzailea eta pasahitza jasoko duzue eta, ondoren, sartu Glogster-eko webgunera ondoko lotura erabiliz: GLOGSTER EDU. Zuen horma-irudia egin ahal izateko dagokion tokian idatzi erabiltzailea eta pasahitza.

        Zer egin beharko duzue?
        • Darwin eta eboluzioaren teoriari buruzko horma irudia egitea.
        • Nahi duzuen baliabideak erabil ditzakezue, irudiak, mapak, geziak, koloreak eta abar.
        Badakizue irudiak aurkitzeko Google bilatzailearen irudiak erabil ditzakezuela; informazio bilatzeko, berriz, liburuak, webguneak edo wikipedia.

        Ea zerbait txukuna egiten duzuen!

          2011-05-20

          BIZITZAREN ZUHAITZA, ZER DA?

          "Espezieen Jatorria" liburuan Darwinek izaki bizidunen arteko erlazioak eta arbaso komunek irudikatzen zuten marrazki xumea egin zuen, gerora bizitzaren zuhaitza izango zena.

          Bizitzaren zuhaitza landuagoa
          Bizitzaren zuhaitza Darwinek irudikatua
          Bertan izaki bizidun guztiok arbaso beretik eboluzionatu dugula adierazten da; horrez gain,  gaur egungo espezie eta bizidun guztiak elkarrekin ahaideturik dauden ideia azaltzen da.


          Zuhaitzaren adarkadura bakoitzak bi espezie edo bizidun taldeen arteko banaketa irudikatzen du eta espezie horiek izango luketen arbaso komuna.



          Gaur egun, Darwin txundituko luketen teknologiak erabilita, izaki bizidun guztiek osaturiko bizitza-zuhaitz interaktiboa ikus ahal izango dugu, " Tree of Life interactive" izena duen webgunean. Bertan, bizidun bakoitzean klikatuz gero, bere jatorritik gaur egunera arte egindako ibilbide ebolutiboa ikusiko dugu, eta bi izaki bizidunetan klikatuz beraien arbaso komunetik noiz eta zein momentutan banandu ziren agertuko zaigu. Horrez gain, hainbat eta hainbat datu, irudi eta lotura lortzeko aukera emango digu, baita izaki bizidun guztien ikono txikiak jaisteko aukera ere (zuhaitza ordenagailura ere jaits daiteke eta internet erabili gabe aritu).

          Klikatu irudian


          2011-05-19

          NOLA EBOLUZIONATU DU GIZAKIAK?

          Gizakia, gaur egungo Homo sapiens sapiens-a, edozein izaki bizidun bezala, antzina bizi izan ziren beste hominido edo "simio" taldeen eboluzioaren ondorioz sortutakoa da. Bizitzaren zuhaitzean gurekin arbaso komuna duen bizidun talde gertukoena txinpantzeak dira. Gizakiok, gaur egun, Homo generoko sapiens espezie bakarrez osaturiko bizidun taldea gara; txinpantzeena, aldiz, Pan generoko bi espeziez, paniscus eta troglodytes izenekoez osaturiko izaki taldea da.
          Bonoboa Pan paniscus-a
          Inuit taldeko Homo sapiens-a
          Txinpantze arrunta Pan troglodytes-a




          Pan eta Homo (edo bere aurrekariak) banantzen diren bizitzaren zuhaitzeko adarkadura orain duela 7 milioi urte gertatu zen, Afrikan.

          Duela 7 milioi urtetik gaur egunera arteko ibilbidea ikertzeko bi baliabide nagusi ditugu: froga paleontologiakoak, hots, fosilak, eta froga genetikoak,  bizidunen arteko ahaidetasuna neurtzeko ADNaren erabilera, besteak beste.

          Gizakiaren eboluzioari buruzko webgune asko eta oso interesgarriak badira interneten; horien artean ondorengo hauek nabarmenduko nituzke:


          2011-05-18

          4. JARDUERA: AZKEN AUTOEBALUAZIOA

          Hona hemen gaiarekin bukatzeko egingo dugun autoebaluazioa.