IZAKI BIZIDUNEN JATORRIA ETA EBOLUZIOA
1. Izaki bizidunen jatorria
- Lehen usteak
- Kreazionizmoa: bizidunen sorrera nola gertatu den azaltzeko, erlijioaren azalpena jarraitzen dute, hertsiki; gaur egungo diseinu adimendunaren jarraitzaileek, zientziaren mozorroa jantzirik, defendatzen dutena, hain zuzen.
- Bizidunen berezko sortzea: bizidunak egile edo aurrekari baten beharrik gabe nonahi sortzen diren ideia; Redi eta Pasteur-en lanak ezeztatu zuten.
- Jatorri kosmikoa: bizidunen sorrerarako beharrezko osagaiak espazioan dutela jatorria diote; espazioan bada materia organikoa, baina arazoak bertan dirau, sorrera ez baita azaltzen.
- Gaur egungo teoria: pausoz pauso jarraian eman beharreko gertaerak
- Aitzindari organikoen sorrera: hasierako atmosferaren osaera.
- Biomolekulen sorrera: Oparin-en Zopa Beroaren teoria eta Miller-en esperimentuak.
- Antolaketa zelularraren sorrera: Mintz zelularren sorrera, ARN--->ADN eraldaketa, eta endosinbiosiaren teoria kloroplasto eta mitokondrioen jatorriaren azalpenerako.
2. Izaki bizidunen eboluzioa
- Ideia aitzindariak
- Teoria fijistak edo kreazionistak. Erlijio kutsuko ideiak eraginda. Espezieak aldaezinak dira eta sortu ziren bezala diraute.
- Teoria eboluzionisten aurrekariak
- Espezie kontzeptua. Linneo (1770-1778) ---> espezie ezberdinen antzekotasunetan oinarrituz sailkatu zituen izaki bizidunak.
- Ahaidetasun kontzeptua. Buffon (1707-1788) ---> izaki bizidunak ahaidetuak daudela eta eraldatu egiten direla denboran zehar.
- Denbora geologikoaren kontzeptua. Hutton (1728-1799) ---> uniformismoaren eta aktualismoaren ondorioz, fenomeno geologikoen jarduera fijistek esandakoa baino askozaz luzeagoa da.
- Jatorri komunaren ideia. Lamarck (1744-1829) ---> eboluzioa eta jatorri komuna onartu zuen eta ezaugarri eskuratuen teoria garatu zuen.
- Fosilen esanahia. Cuvier (1769-1832) ---> haren lanek argi erakusten dute fosilen eta aurkitutako geruzen erlazioa.
- Baliabideengatiko lehiatzea. Malthus (1766-1864) ---> ekonomian aritu zen eta "indartsuenen legea" deritzon kontzeptua erabili zuen gizakiarentzako.
- Eboluzioaren mekanismoak. Darwin (1809-1882) ---> espezieen aldaketa mekanismoak azaldu zituen eta baita espezieen jatorria ere hautespen naturalaren bidez.
- Teoria modernoak
- Lamarckismoa. Bi ideia hauetan oinarritzen da:
- Ezaugarri eskuratuen herentzia.
- Herentzia horren indar eratzailea zein den: "Funtzioak sortzen du organoa" esaldi famatuan laburtzen dena.
- Darwinismoa. Hiru ideia nagusitan oinarritzen da:
- Izaki bizidunek ondorengoak uzteko duten gaitasun handia.
- Ondorengoen arteko aldakortasuna.
- Bizirauteko borroka baliabideak eskasak direnean, hautespen naturalaren eraginez. Hobeki moldatutakoak soilik utziko ditu ondorengoak.
- Neodarwinismoa edo teoria sintetikoa. Hiru ezaguera gakoetan oinarritzen da:
- Eboluzioaren jazoera. Aitzindari komun batetik, denboran zehar, ahaidetutako espezieen eboluzioan oinarrituta.
- Eboluzioaren mekanismoak. Eboluzioa baimentzen duten espezieen aldakortasunean eta hautespen naturalean oinarrituta.
- Eboluzioaren historia. Izaki bizidunen arteko ahaidetasun erlazioan eta denbora geologikoan zehar duten segidan oinarrituta.
3. Eboluzioaren jazoera
- Eboluzioaren frogak
- Paleontologikoak. Erregistro fosilaren azterketan datza.
- Biogeografikoak. Izaki bizidunen banaketa geografikoa eta haren zergatia.
- Anatomikoak. Egitura eta funtzioaren aldetik izaki bizidunen organoen konparaketatik lortutako frogak. Organo analogoak eta homologoak.
- Enbriologikoak. Izaki bizidunen arteko enbrioien garapenaren konparaketatik lortzen diren frogak.
- Biomolekurrak. Bizidunen arteko proteina eta azido nukleikoen konparaketaren bidez, ahaidetasun frogak.
4. Eboluzioaren mekanismoak
- Mekanismoak
- Aldakortasun genetikoa: espezie batean dagoen genotipo mota ezberdin zabala.
- Material genetikoaren mutazioek sortuak.
- Gametoen eraketan, meiosian gertatzen den birkonbinazio genetikoan sortuak.
- Hautespen naturala: ingurumenera moldatzeko konbinazio genetiko hoberenen hautaketa prozesua.
- Ondorioak
- Organismoen moldaera: bizirauteko ahalmena eta, beraz, ondorengo gehiago uzteko aukera emendatzen duten ezaugarriak. Moldaera mota nagusiak honako hauek dira:
- anatomikoak
- fisiologikoak
- portaerazkoak
- Espeziazioa: izaki bizidun talde bat, moldaera ezberdinak direla eta, zatitzen denean gertatzen da. Prozesuak aurrera egiten duen heinean, bi espezie sortuko dira, non beraien arteko gurutzaketa ezinezkoa izango den.
- Espezien dibertsifikazioa: gure planetaren espezie ezberdinen ugaritasuna eboluzioaren froga nabarmenetakoa da. Bi eboluzio mota daude dibertsifikazioaren arabera:
- Konbergentea: ingurune berdinetara egokitutako ahaidetasunik gabeko espezie ezberdinen moldaerak sortua; hala nola hegazti, intsektu eta saguzarren hegoak.
- Dibergenteak: espezie bat zatitzen denean, talde bakoitza bere ingurunera moldatuko da eta ahaidetutako espezie ezberdinen moldaerak izango dira; ugaztunen lehen arbasoaren bost hatzetako eskuaren bilakaera, ugaztun talde bakoitzean, adibidez.
- Eztabaidak: Gaur egun eboluzioaren gertaera ez du inork zalantzan jartzen, aitzitik, ikertzaileen artean ika-mika sortzen dute, eboluzioaren prozesuaren eta mekanismoen nondik norakoek. Hauek dira garrantzitsuenak:
- Selekzionistak vs. Neutralistak (Kimura): Neutralistek diote eboluzioa ez dela geneen hautespen naturalaren ondorioz gertatzen, baizik eta zoriz gertatzen diren aldaketa edo mutazioen lana dela.
- Gradualismoa vs. Oreka Taiduna (Jay Gould): Oreka Taidunaren arabera, espezieen sorrera ez da gertatzen denbora luzean gradualki metaturiko aldaketen bidez, baizik eta, bat-bateko ingurumen hondamendi edo aldaketa batek eragindako espeziazio aldi azkarren ondorioz.
- Neodarwinismo Klasikoa vs. Soziobiologia (Dawkins): Soziobiologiak dio hautespen naturalak geneen gainean eragiten duela eta ez banakoengan, teoria klasikoak dioen bezala.
5. Eboluzioaren historia
- Fosil adierazgarriak: fosilak eboluzioaren frogak dira, eta beraien azterketek, eboluzioaren historia azaltzen dute. Fosilen agerpenak edo suntsipenak lurraren historiako aroak mugatzeko erabiltzen dira.
- Biziaren zuhaitza edo filogenia: bizidunen historia aldaketaren historia da. Belaunaldiz belaunaldi aldaketa horien bidea adierazten badugu, zuhaitz moduko bat marraztuko genuke, non arbasoak barneko adarkaduretan kokatuko genituzkeen, eta gaur egungo espezieak adarren puntetan egongo liratekeen.
6. Gizakia eta eboluzioa
- Giza-eboluzioa:
- Gizakiak bere taldeko beste primate guztiekin batera, paleozenoko ugaztun zuhaiztarretatik eboluzionatu du azken 65 milioi urtetan zehar.
- Gure espeziea, Homo sapiens-a, orain dela 200.000 urte sortu zen Afrikan, baina gure familiako arbaso hominidoak duela 4 milioi urte agertu ziren.
- Giza-eboluzioaren ezaugarriak:
- Gizakia guztiz bipedoa da.
- Behe gorputz-adarrak lokomotoreak ditu, eta goikoak, aldiz, manipulatzaileak.
- Eskuko hatz lodia beste hatz punta guztiekin ukitu ahal ditu. (oponible)
- Begiak aurrerantz ditu eta horrek ikusmen estereoskopikoa izatea ahalbidetzen dio.
- Beheko masailezurra motza eta parabola formakoa du.
- Hortz-hagin txikiak ditu eta mastekatze-muskulu ez oso garatuak.
- Fonazio-organoa oso garatua du, eta lengoaia erabiltzen du komunikazio tresna modura.
- Garezur-edukiera eta garunaren garapen handia du; eta beraz, gaitasun kognitibo handia du.